XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

José de Riberaren nortasuna zehaztasun handiagoa bereganatuz joan da azken urteotan, bai biografiaren aldetik bai kritikarenetik.

Haren urteurreneko urtea (1992) ospatzeko antolatu diren erakusketek aukera eskaini dute ezaguna zen dokumentazioa luze-zabalean berraztertzeko, ekarpen eta gogoeta berriez berori aberastuz, eta artista honen katalogoak ere birhausnarketa arduratsua ezagutu du, bibliografia tradizionaletik herrestan zetozen hainbat iritzi oker ezabatu eta galdutako edo, sarritan modu ulertezinean, baztertutako obra ugari berreskuratu direlarik.

Napolin eta Madrilen aldi beretsuan egin den berriztapen-lan arretatsuari esker, bestalde, Riberaren sortzailetasuna hobeki zehaztu ahal izan da eta, ondorioz, artista honetaz dagoen irudia, zorionean, askoz ere aberatsago eta nabartuagoa da.

Mendeurreneko erakusketaren argitalpen napolitar, madrildar eta newyorketarreko Katalogoek eta oso bereziki madrildarrekoak, osoago eta xehekatuagoa baita bilduma kronologikoa, bibliografia zabala eta saiakera-sorta handia biltzen dituzte, luzaroan, inondik ere, artista honi buruzko edozein ikerlanetarako abiapuntu gisa iraungo dutenak.

Oraingo honetan, eta haren arte-lanaren sintesi mamitsu bat, gehienbat Pradoko Museoko hainbat oihalek osatua, Donostian aurkezteko egokieraren lagungarri, baliagarria iruditu zaigu irakurleari pintore valentziar-napolitar handi honen bizitza eta obraren laburbilpen bat aurkeztea kronologia iruzkindu erara, haren hizitzako zenbait jazoera, urteen joairaren haritik, ezagutzen edota gogoratzen eta, era berean, haren obraren eraldaketei eta estiloaren aberaskuntzei antzematen lagunduko diguna.